Berdindu! Sexu- eta genero-aniztasunari buruz informazioa eta arreta emateko zerbitzua da, Eusko Jaurlaritzarena.
Guztiok elkarteak kudeatzen du
zerbitzua. Irakasleei aholkuak eta prestakuntza ematen dizkie,
sexu-aniztasuna lantzearekin eta LGBT diskriminazio-problematikekin
kezkatuta dauden ikastetxeetan. Arreta eta prestakuntza eman die
ikastetxeei eta orientatzaileei, aholkulariei, ikastetxeko zuzendaritzei
eta irakasleei, oro har.
Berdindu Eskolak Aurkezpena (PDF, 391 KB)
- Ikastetxeei
lehen arreta eta orientazioa ematea horrelako problematikak dituztenean
(LGBT diskriminazioa, bullying homofoboa, lesbofoboa edo transfoboa).
- Laguntza
teknikoa eta oinarrizko prestakuntza pertsonalizatua ematea hezkuntza-
edo curriculum proiektuan genero-aniztasunaren ikuspegia txertatu nahi
duten ikastetxeetako irakasleei.
- Aholku- eta
prestakuntza-zerbitzua ematen die ikastetxeetako irakasleei, honako
helburu hauek dituela: homofobia-, lesbofobia- eta transfobia-kasuei
aurre egin ahal izatea; sexu-aniztasuna integratzea tutoretza-planean;
eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiak
sentsibilizatzea.
- Materiala ematen diete, bai eta materialari buruzko aholkuak ere, ikasgeletan lantzeko.
- Aholkularitza-zerbitzua ematen die irakasleei eta ikastetxeei.
- Jarduera-proposamenak egiten dituzte.
- Berritzegune
eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Saila inplikatzen ditu, jarduerak planifikatzen, gauzatzen eta
ebaluatzen.
Norentzat da zerbitzua?
- Lehen Hezkuntzako ikastetxeak eta Bigarren Hezkuntzako institutuak
- LGBTI kasuengatiko diskriminazio-arazoak dituzten ikastetxeak
- Sexu-aniztasunaren ikuspegia txertatu nahi duten ikastetxeak
- Ikastetxeetako orientatzaileak, aholkulariak, zuzendariak eta irakasleak orokorrean.
Funtzioak
Berritzegunerekin
eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Sailarekin koordinazioan, Berdindu Eskolak eskaintzen du:
- Aholkularitza- eta kontsultoretza-zerbitzua
- Ibiltaria da; hau da, zerbitzua eskatzen duen ikastetxera joaten gara, bai eta kasu jakin bat dela-eta eskatzen dutenetara.
- Ikastetxeko
aholkularientzat, orientazio-sailean aritzen direnentzat eta/edo
zuzendarientzat da. Bai eta inplikazio-maila jakin bat eta interesa
duten tutore inplikatuentzat zein interes berezia dutenentzat ere.
- Eskari edo arazo jakina jasotzen dugu (arazoarekiko interesa edo arazoaren kudeaketa), bai eta beharrezko dokumentazioa ere.
- Berdindu zerbitzuari eta Jaurlaritzak eskuragarri dituen baliabide guztiei buruzko informazioa ematen dugu.
- Bullying homofobo, lesbofobo eta transfobo egoerak identifikatzeko eta halakoetan nola jardun jakiteko orientazioa ematen dugu.
- Kasu
jakin eta larritasun-maila jakinetarako, eskuragarri zer material
dagoen eta zer material den egokiena ematen dugu ezagutzera. Mota
horretako materiala aukeratzen eta igortzen dugu.
- Oinarrizko informazioari buruzko informazioa ematen dugu.
- Sexu-aniztasunari buruzko oinarrizko prestakuntza
- Ikastetxe
bereko langileak sexu-aniztasunaren gaiaren inguruan sentsibilizatzea
eta trebatzea du helburu, baldin eta egoera hauetakoren batean badago:
- Diskriminazio
egoera bat bizi badute eta langile guztiek koordinazioan arituta
nolabait landu nahi badute, unitate didaktikoen eta material zehatzen
bidez.
- Sexu-aniztasuna tutoretza-planean integratu nahi badute.
- Taldea ikastetxe bereko 30-35 irakaslek osatzen badute.
- Berdindu zerbitzuari eta Jaurlaritzak eskuragarri dituen baliabide guztiei buruzko informazioa ematen dugu.
- Prestakuntzako materiala elkarteak jarriko du eskuragarri.
Sexu-aniztasunaren inguruko ikastaroak Lehen Hezkuntzan: Aniztasuna Ezagutzen
2014an,
lehenbiziko aldiz, sexu-aniztasunaren inguruko ikastaroa jarri zen
abian Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin. Proiektua GEHITU
eta GUZTIOK elkartekoek burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako
zenbait ikastetxetan, emaitza ezin hobeak lortuz.
Eskola Seguru
Taldearen ekimena izan zen, eta Berdindu eta Familia Politikarako eta
Komunitate Garapenerako Zuzendaritzaren laguntzarekin antolatu zen.
"Aniztasuna eraiki"
hezkuntzako esku-hartze programa estreinatu berria Gehitu eta Guztiok
elkarteek burutu dute Euskal Autonomia Erkidegoko osoko ikastetxeetan.
Ekimen horren barruan aniztasun afektibo-sexualari eta familiarrari
buruzko tailerrak antolatu dituzte ikasgeletan, Lehen Hezkuntzako
hirugarren zikloko ikasleentzat, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta
Gizarte Politiketako Sailaren eta Berdindu laguntza izan dute
horretarako.
Ahaleginak batuta, Euskal Autonomia Erkidego osora
iritsi ahal izan dira, eta Araban ere izan dira, lehenengo aldiz.
Gainera, lankidetza horri esker, aurrerapauso garrantzitsua egin da,
aniztasunaren inguruan adostutako estrategia didaktikoak aplikatu
baitira.
Programa nahiko zabala da, eta igurikimen guztiak gainditu ditu.
Helburuak
- Helburu orokorra
- Aniztasuna aberastasun pertsonal eta sozialerako faktore gisa hartzea.
Helburu zehatzak
- Homosexualitatea, bisexualitatea eta transexualitatea ikusaraztea.
- Familia-eredu ezberdinak daudela ikusaraztea.
- Ikasleen autoestimua indartzea, autoezagutzaren bidez.
- Lankidetza-harremanak bultzatzea.
- Erreferenteak eskaintzea.
Ondorio orokorrak
Burua
irekitzeak lagundu egiten du desioak eta identitateak bizitzeko modu
ezberdinak errespetatzen, eta, dezente egin dugu aurrera bide horretan.
Baina, hala eta guztiz ere, oraindik ere badira erasoak: eraso estaliak
–hala nola pertsona bat besterik gabe heterosexualtzat jotzea– eta eraso
zuzenak –homosexualitatea zigortu egin behar dela edo gaixotasun bat
dela esatea–.
Aniztasun sexualari buruz begirada eta gogoeta
zabaltzeak eta horren inguruko pasadizoak eta gertakariak kontatzeak
erraztu egin du ikasleengana hurbiltzea eta sexualitatea, edozein
modutakoa dela ere, bizipen aberasgarri gisa ulertaraztea. Oro har,
jarrera positiboa eta errespetuzkoa agertu dute, nahiz eta egia den,
taldeka gaia sakonago aztertu ondoren, politikoki zuzentzat jotzen diren
iruzkinek askotan estereotipoetan oinarritutako pertzepzioak ezkutatzen
dituztela. Gaur egun ere, sozializatzeko eta talde bateko kide izateko
tresna gisa baliatzen diren irain homofobo asko entzuten da.
Programan
parte hartu duten ikasle gehienek esan dute aniztasun sexualari buruzko
lehenengo prestakuntza-saioa izan dutela honako hau, eta horregatik
interes handia azaldu dute. Ez daude ohituta identitateaz eta desioen
orientazioaz hain modu naturalean hitz egiten; galdera asko dituzte, eta
kuriositate itzela, LGTB pertsonen esperientzia eta bizipenen inguruan.
Oro
har, sexua genitalekin lotzen dute; baina ez dute aparteko zailtasunik
ideia hori eraisteko eta ulertzeko sentimenduek eta identifikazio
biografikoak agintzen dutela horretan. Ikasle gehienek jarrera oso
positiboa erakutsi dute sexu-orientazioa lantzeko garaian.
Era berean, familia-aniztasunak ere interes bizia sortarazten du ikasleengan, eta hori ere gehienei ondo iruditzen zaie.
Gehienek
atera duten ondorioa da familia batean garrantzitsuena maitasuna dela;
segurtasuna eta balioak transmititzea, eta hori era bateko nahiz besteko
familiek egin dezaketela.
Bistan da
heterosexualitate-presuntzioaren ondorioz ikasle gehienek
sexu-oreintazio ez normatiboa ezkutuan bizi dutela. Gazteak dira, eta
informazioa eta, batez ere, erreferentzia pertsonalak behar dituzte,
aniztasun zabal baten barruan beren sexualitatea legitimatzen
laguntzeko. Gazteek dituzten erreferente asko eta asko komunikabideek
baldintzatutakoak dira, eta estereotipoetan oinarrituta daude.
Harremanetan jartzeko: